2010-06-13

Agur Kaleko Mobida!

Aupa peña!!!

Ailegatu da Kaleko Mobida irratsaioari agurra emateko eguna. Nik (Ijurkok), behintzat, ez det jarraituko Info7 irratiarentzat astero ordubeteko saio hau egiten. Atea irekita dauka, hala ere, testigua hartu nahi duenak. Horretarako lasai jarri nerekin kontaktuan eta ahal dedan heinean lagunduko diot egile berriari. Nere aldetik, ekainaren 16ean eta 23an izango dira azken saioak, eta San Joan sura botako dut irratsaioa eta berau egiteko behar izan ditudan tresna guztiak, Hernaniar zintzo gisa eta usadioak agintzen duen bezala…jeje

Saioa 2006ko azaroan hasi zen. Pepino eta biok, Koldo Otamendi “Kojo”ren laguntzaz Info7 irratiko arduradunei gure asmoa azaldu genien: Euskal Herriko Punk-oi! musikari buruz saio bat egitea, gorakada haundia izaten ari zen musika honi komunikabideetan merezi zuen tokia emateko. Baietz erantzun ziguten eta martxan hasi ginen. Eskerrak eman behar dizkiegu gu bezalako “esperientziadun irratigizon”engan konfiantza jartzeagatik.

3 urte t’erdi hauetan gonbidatu eta kolaboratzaile asko izan ditugu. Talde batzuk gure saioa erreferente hartu dute eta baita punk-oi! zale mordoxka batek ere. Horrekin gure helburua bete dugu eta oso pozik gaude horregatik. Hernaniko Molotoff irratia izan da irratsaioaren egoitza eta han grabatu izan ditugu, ahal bezala, zuek “podcast” bidez entzundako saioak, denboraldi honetan 30 eta hasi ginenetik 100dik gora. Eskerrik asko molotoffkide guztiei ere.

Baina hasi ginenean ilusioa handia genuen moduan, hau itzaltzen joan da eta jada ez gaude hain sartuta punk-oi! mugimenduan eta indarrik ere ez daukagu asteroko saio bat egiteko konpromisoarekin jarraitzeko. Ziklo baten bukaera, beste eginkizun batzuetarako denbora gehiago, arnas pixka bat hartu beharra…hori dena elkartu da saioa egiteari uzteko erabakian. Hasi bezala proiektuei bukaera eman behar zaie eta gureari iritsi zaio ordua.

Ezin ditugu ahaztu saioko kolaboratzaileak eta beraiei agur bero bat: Ekaitzbond, Wilkin, Pepino, Kojo, eta Neallta fola! eta besarkada bat baita ere saioa entzun edo bertan parte hartu duzuen talde eta lagun guztiei.

Azkenik, animatu nahi ditut gaurko bloglari, fanzine egile, talde etab. aurrera egiteko eta jarraitzeko beste batzuk hasitako bidea. Ez utzi garra itzaltzen!!!

Kaleko Mobida! Gure musika zuen belarrietara!!!

SAIOA ENTZUN HEMEN: http://www.info7.com/wp-content/uploads/2010/06/20100624_7794.mp3